
Hiru kilometro besterik ez daude Bedaio eta Azkarate artean; muga batek bereizten ditu eta langa batek mozten du pasabidea. San Fermin eta San Esteban inguruan ireki egiten da langa.
Azken muga proiektu kolektibo bat da, naturan modu iragankorrean esku hartzeko. Hala, arte-diziplina desberdinetako artistek hausnartu egingo dute gure artean dagoen gertaera anakroniko baten gainean: Gipuzkoako eta Nafarroako lurraldeak bereizten dituen muga. Proiektu hau dela tarteko, zonalde horretako biztanleak tartean sartu nahi dira modu partizipatiboan, hausnar dezaten edota ekoizpen artistikori hel diezaioten. Era berean, proiektuaren helburua da landa eta natura ingurunera eramatea adierazmen artistiko berriak eta abangoardistak.
Programa 2016ko udaran gauzatu nahi da, Bedaio eta Azkarate herrien arteko mugan, Zarateko lepoan. Bi pagadi, bide bat, eraikin bat eta muga dira eszenatokiak, eta han, mugaren bi aldeetako artistek, bertako bizilagunekin batera, hainbat esku hartze egingo dituzte eta ekitaldi artistiko, kultural eta jai giroko programazio baten protagonista izango dira, mugaren bi aldeak eta jendea elkartzeko asmoarekin.

zer
Bedaio eta Azkarate artean, Aralarreko mendien ertzean, Gipuzkoa eta Nafarroa bereizten, han dago azken muga: langa batek bereizten ditu bi lurraldeak eta pasabidea eragozten du. Bi pagadik ematen digute ongietorria. Naturak inguratzen gaitu. Toki horretan hainbat artistek, diziplina desberdinetakoak, gogoeta egingo dute gertaera horretaz, eta euren lana erabat naturan garatuko dute aurtengo udaran zehar. Zonaldeko bizilagunek eta artistek lan partizipatiboak egingo dituzte. Eta jai, musika eta kultur ekitaldiek osatuko dute programazioa.
ESKULTURA BIDEOAK
PINTURA DANTZA
BERTSOAK ARGAZKIA
PERFORMACE ERROMERIA INSTALAZIOAK HITZALDIAK PROIEKZIOAK BISITA GIDATUAK TAILLERRAK KONTZERTUAK OLERKIA

Ekimen honek, bere alderdi plastikoan, gogoeta bat egiten du gizarte harremanei buruz. Hor sartzen dira: jarduera artistikoa, aktibismo artistikoa gizarte eraginarekin espazio publiko eta naturaletan esku hartzeko ekimenei dagokienez; hiriari kentzea bere protagonismoa irismen ikonografiko, estetiko eta sinboliko handiko estrategi kulturaletan, eta protagonismo hori ematea ekimen periferikoei -berezkotzat hartuz- edo jarduera artistiko horiek deszentralizatzea; paisaiaren eraikuntza kulturalaren erreferentziak eta iterakzio artistiko-estetikoak (Land Art, Artea eta Lurraldea); antropologia eta/edo etnografia eta bere harremana artearekin, jarduketa multidiziplinarra lan eta interrelazioko metodo gisara, jarduera artistikoa gizarte adierazmen gisara, erresistentzia eta erantzuna barne; eta artearen eta kultura bisualaren arteko loturak. Jarduketa iragankorra eta gure harremana denborarekin eta esku hartzen den espazio naturalarekin; festa, elementu elkartzaile eta komunikatibo gisara; herritarren partaidetza, esku hartze artistiko modura.
​

Parte hartzen duten artistek -ikusirik bere horretan jarraitzen duela mugak, zatituz modu anakronikoz zonalde bat eta bertako jendea, iragan, hizkuntza eta bizitzeko modu bera duen jendea, ingurumen natural pribilegiatu batean- hausnarketa bat egiten dute hainbat gairi buruz: gertaera horretaz; oraingo gizartearen mugez; espazio naturalen zatiketa arbitrarioez; urrutiko botereek bertako jendeari egindako inposaketez; bertakoa ez den ezezagunen batek marraztutako lerro batek herriak eta familiak bereizteaz; arau absurdu, arrotz eta barregarriak bete behar izateaz; naturan marrak egin, lurraz jabetu eta arrotzen batek lur horiek ez zapaltzeko dauzkagun eskubideez; lurra gurea den ala gu lurrarenak garen; munduko hiritarrak garen abiatzen garenean bakarrik...

Artistek zalantzan jartzen dute errealitate hori, eta ingurumen horretan dihardute elementu asaldatzaile gisara normalizatuta eta sozialki onartuta dagoen egoera anakroniko, bidegabe eta estankatu horren aurrean. Zalantzan jartzen dute, era berean, artista bezala gizarteak jarri ohi dien zeregina, lan metodoa eta bere obraren garrantzia eta esanahia. Bertako jendeak ere gogoeta egiten du honen guztiaren gainean, eta bereizitako bi aldeetatik lan amankomun bat egin dute: zurezko meta bat, lurralde hau eta bertako bizilagunak zatitzen dituen mugan bertan; bi haranetako herrietako gazteek desafioa botatzen dute hainbat herri kiroletan (hauetako asko galduta) Festa batek elkartzen ditu mugaren bi aldeetako herritarrak; denboran galdutako erromeria bat -toki horretan egiten zena- berreskuratu da: musika, bertsoak eta festa; elementu horiek guztiek elkartu egiten ditu bi aldeetako biztanleak. Egindako lanek lotura zuzena dute ingurunearekin: erabilitako materiala, bere degradazio naturala, obraren iragankortasuna, eraikitzeko erraztasuna, ingurugiroarekiko errespetua, erabateko integrazioa espazio naturalean.

zergaitik
Euskal Herrian ez delako egin ia interbentzio iragankorreko ekimenik naturan; are gutxiago modu kolektibo, partizipatibo eta multidiziplinarrean; aldiz, Europan urte asko daramatzate egiten horrelako aktibitateak. Garrantzizkoa iruditzen zaigulako diziplina desberdinetako artistak biltzea ingurumen natural batean eta sortzea erakusgune berezi bat eta programazio erakargarri bat.
Sinesten dugulako kulturaren eta artearen deszentralizazioan, zalantzan jarriz hiriaren rol protagonista eta abangoardiakoa landa eta natura ingurumenaren aurrean; izan ere, azken honi paper folkloriko eta exotikoa ematen zaio, hiri ingurumenaren menpean jarriz eta hari zerbitzu puntualak emanez; baina ez izaki propio eta independente bezala, sormen artistikoa eta bizitza sortzeko gauza baizik.
Pentsatzen dugulako partizipazio eta lan kolektibotik, naturarekiko hurbiltasun eta errespetutik, aniztasun eta desberdinen arteko baturatik egin dezakegula apustu fresko eta berritzaile bat.
Egoera anakroniko baten aurrean -gaur egun muga bat egotea gure ingurumenean- artistek elementu asaldatzaile gisara dihardute, zalantzan jarriz egoera zehatz hau eta mugaren egitekoa historian zehar eta oraingo mundu honetan, nola ukitzen duten gizakia, ingurumena eta natura, ahaleginduz kulturaren eta sormen artistikoaren alorretik transformatzen errealitateak aldatzen uzten ez duena.
zertarako

Kultura eta artea landa ingurumen natural batera eramateko eta ingurumen horretatik jasotzeko; diziplina artistiko eta lan metodo desberdinetan lanean ari diren sortzaileek, kulturan arlo desberdinetan lanean ari diren pertsonek eta bere historia propioaren lekukoak diren zonaldeko herritarrek, ia galduta dauden bizitza moduen protagonistek, garatu dezaten denen artean natura errespetatuko duen eta naturan bertan integratuta egongo den proiektu partizipatibo eta jai girokoa, didaktikoa eta asaldatzailea, eta gauza izango dena -ikuspegi desberdinetatik eta lengoaia berri batetik- gizarteari txertatzeko modu berri bat aintzat hartzeko sormen artistikoa, kultura eta natura, bisitariak eduki dezan beste pertzepzio bat, bere konplizitatea, parte hartzea eta protagonismoa bilatuz eztabaida honetan.
Gure herrialdean ez da ia inolako interbentzio artistikorik egin naturan eta are gutxiago modu kolektiboan. Hau aire freskozko ufada bat izan daiteke eta, era berean, eragingarri bat mota honetako ekimenak sor daitezen eta beste toki batzuetan urtetan lantzen ari diren diziplina artistikoak garatu ditzagun.

Balioz hornitzeko hiriguneetatik eta erabaki guneetatik urruti dagoen landa eremu bat, baina ingurumen pribilegiatu batean kokatua eta zaintzen dituena beste toki batzuetan dagoeneko galduta dauden bizipen eta ohiturak, errespetuz eta tokian tokiko ikuspegiarekin tratatzea merezi dutenak.
Forma artistiko berritzaile eta abangoardiakoak baliatuko dira aparteko edertasuna duen toki honetaz, beste leku batean lortu ezin diren baloreak eta ñabardurak indartuz eta nabarmenduz; baina, bide batez, protagonismo horrek ekarriko dio toki horri hiri ingurumenak errespetu eta kontsiderazio handiagoa edukitzea.
non


Ingurumen pribilegiatu batean, Azkaratetik Bedaiora doan bidean, Zarateko lepoan, bi pago basok, mugak berak eta eraikin batek osatuko dituztelarik erakusgunea eta eszenatoki naturala, non artistek eta bertako bizilagunek jardungo duten eta arituko diren, zona hau bihurtzeko topaleku, gozamen eta sorpresa bertako jendearentzat eta bisitarientzat. Beste ekitaldiak herrietan bertan edo inguruko tokietan gauzatuko dira.
Web gunean, egindako ekitaldien argitalpena, informazioa eta programazioa; artisten eta proiektuaren laguntzaileen kontu eta profiletan. Argitaratutako foileto eta argitalpenetan. Tolosaldeko eta Araitz haraneko herrietan, Azken mugaren aurkezpenetan eta proiektuaren erakusketetan.
Nafarroa aldetik heltzeko NA-1300 Iruña-Tolosa errepidea hartu behar da, eta Atallun -17 km Tolosara eta 45 Iruñera- Azkaratera, 4 km egiteko NA-7511 errepidetik. Behin iritsita herrira, km bat egin behar da oinez, seinaleei kasu eginez, Azken mugara doan pistatik barrena. Bidea erraza da eta baldintza onetan dago haurrekin edo minusbalioren bat duen norbaitekin iristeko. Hauexek dira tokia lokalizatzeko koordenatuak: 43.047613,-2.020374.
Bedaiotik iristeko hartu behar da A-1 Donostia-Gasteiz autobidea eta Alegiako irteeran, 431 p.k. -32 km Donostiatik-desbideratu Amezketako bidea hartzeko (GI-2133) 4 km egiteko. Ugartera iristean Bedaio aldera jo (7 bat kilometro errepidez). Interesgarria da Bedaio bisitatzea. Edaritegi bat dauka eta bertan bazkaldu daiteke edo hamaiketako txiki bat egin. Baina Azken mugako bidea Bedaio baino 1 km bat lehenago hartu behar da, Gurbillaundia baserri aldera. Baserri hau Gipuzkoako handiena da. Handik oinez bi kilometro egin behar dira aldapa handi bat igoz. Bidea ez dago baldintza onetan eta bi langa ere pasatu behar dira.